Kontu ezezagun asko daude oraindik Euskadiko sagarrari eta sagardogintzari buruz. Nolanahi ere, euskal sagarrondoei buruzko lehen aipamena 1024koa denez, argi dago funtsezko elementu bat dela aspalditik. Hainbat teoria daude, eta batzuek diote Afrikatik iritsi zela, edo hegazti migratzaileen bidez.
Gure kulturaren zati handi bat sagardoari lotua dago. Ohiko edaria zen garai bateko euskaldunentzat, eta marinelek edaten zuten eskorbutoa bezalako gaitasunen erremedio gisa. Itsasontzien bodegak lepo betetzen zituzten “medizina” preziatuaz beteriko upelekin, eskifaia kide bakoitzak hiru litro edaten baitzituen egunean. Dolare-baserriak lurralde osora zabaldu ziren, biztanleria osoa asebete ahal izateko.
Sagardoaren ekoizpen prozesua irail amaieran edo urri hasieran hasten da, eta bost fase ditu:
- Sagarra biltzea.
- Xehatzea eta prentsatzea.
- Muztioa egitea eta hartzidura.
- Botilaratzea.
- Lortutako produktua dastatzea.
Sagarrak banan-banan biltzen dira kizkia izeneko tresna batekin. Gaur egun, 14 bat sagar mota daude Euskal Herrian.
Artoa euskal lurraldeetara iritsi zenean, sagardogintzak gainbehera izan zuen. Gainera, gero eta arrantzontzi gutxiago itsasoratzen ziren, eta sagardo kontsumoa murriztu zuen horrek. Beraz, sagardogintza bigarren mailako lanbide bihurtu zen, Gipuzkoan batez ere, sagardotegi ezagunenak dituen lurraldea.
Sagardotegi sasoia urtarrilean hasi eta apirilean amaitzen da, eta, upeletik zuzenean hartutako sagardoarekin batera, bakailao tortilaz, txuletaz eta Idiazabalgo gaztaz osatutako ohikoa menua dasta daiteke.
Sagardoaren Lurraldeari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikus gastromapa.
Sagardo Foruma
Gaur egun, sagardoak funtsezkoa izaten jarraitzen du gure kulturan, gastronomian eta sozializatzeko moduan. Horixe erakusten dute Sagardo Foruma bezalako egitasmoek, sagardoari loturiko ekitaldi garrantzitsuenetakoa. 2021eko azaroaren 18tik 21era egingo da, Sagardoa eta natura, lurraldeak lotuz izenburupean. IV. edizioa izango da, eta hainbat jarduera egingo dira lau egun horietan zehar:
- Jardunaldi teknikoak. Sagarraren hazkuntzari eta kulturari buruzko hitzaldiak, negozio aukerak sagarraren munduan eta produktuen dastaketan, eta sagardoari eta turismoari buruzko hitzaldiak.
- III. Nazioarteko Sagardo Lehiaketa. 2021eko azaroaren 19an eta 20an egingo da, Astigarragan (Erribera Kulturgunea). Azaroaren 10a izango da izena emateko azken eguna. Izena eman nahi baduzu, hemen dituzu lehiaketaren oinarriak.
- II. Nazioarteko Sagardoaren Azoka 2021eko 20an eta 21ean egingo da, Donostiako Kursaal Jauregian. Publiko orokorrarentzat eta profesionalentzat.
Sagardo Forumak sagardoari lotutako diziplinetako profesional garrantzitsuenak biltzen ditu bi urtean behin. Zalantzarik gabe, aukera ezin hobea da esperientziak eta enpresa egitasmoak trukatzeko eta besteengandik ikasteko. Leku paregabea sagardogintzaren egungo egoera ezagutzeko, eta azken joerak eta etorkizuneko aukerak aztertzeko.
Sagardoari loturiko beste jarduera batzuk
Sagardoaren kulturak liluratzen bazaitu, lilura horri etekinik handiena ateratzeko ideia batzuk emango dizkizugu:
- Sagardoetxea
15. urteurrena dela-eta, Euskal Sagardoaren Museoak jarduera programa zabala antolatu du irailerako: familian egiteko tailerrak, musika ekitaldiak, ipuin kontalariak… Bota iezaiozu begiratu bat programari eta eman izena gehien interesatzen zaizkizun jardueretan!
- Sagartrekking
Mendi txangoak atsegin badituzu, Sagardoaren Lurraldeak ez dizu hutsik egingo. Gozatu kolorez beteriko sagasti, baserri eta bidexketan barrena! Zure esku dago ibilaldia gidari aditu batekin egitea ala ez.
- Sagarcycling
Nahiago duzu bizikletan oinez baino? Orduan, plan hau zuretzat aproposena da, bizikletan egiteko moduko ibilbide bat dagoelako Donostiatik Astigarragara. Behin sagardoaren lurraldearen bihotzera iritsita, Sagardoetxea bisitatu ahal izango duzu, Euskal Sagardoaren Museoa, eta sagardoa dastatu pintxo bikainez lagunduta. Ezagut ezazu bertatik bertara txotxaren erritoa!
- Canoeing eta sagardotegia
Kirola, gastronomia eta euskal kultura Urumea ibaian barrena kanoaz eginiko ibilbide batean. Sagardotegiko menu tradizionalarekin amaitzen den ibilaldi gidatu bat da. Zer gehiago eska daiteke?
- Tourrak
Sagardoaren Lurraldeak era guztietako tourrak eskaintzen ditu Sagardoaren Lurraldeko herrietan barrena: sagardoaren bidea, paseoak bizikleta elektrikoan, bisita gidatuak Astigarragan, dastatzeak eta askoz gehiago!
- Sagardoaren ibilbidea
Hernanin hasi, Astigarragatik igaro eta Santiagomendin amaitzen den ibilbidea da, itsasertzeko Donejakue bide ezagunaren zati bat. Paisaia berdeenetatik sagardotegi ezagunenetaraino, gure kulturaz blaituko zara bide honetan.
- Sagardoa eta itsasoa
Egun beteko plana da, jarduerez beterikoa, sagardoaren eta itsasoaren arteko lotura ezagutzeko bertatik bertara. Ibilaldia hasteko, bisitariak Pasaiako portuan itsasoratuko dira, Albaola Itsas Kultur Faktoria helmuga dutela, baleontzi baten erreplika ikusteko. Portura itzultzean, planak Sagardoetxearen bisitarekin jarraituko du. Amaitzeko, afaria betiko sagardotegi batean. Plan hobeagorik bururatzen zaizu?
- Tailerrak
Sagardoaren Lurraldeak, urte osoan zehar, sagardoarekin eta sagar bilketarekin loturiko tailerrak antolatzen ditu. Kontsultatu zure agenda eta ez hutsik egin esperientzia bikainak bizitzeko aukera hau, familian, lagunekin edo bikotekidearekin.
- Arrauna eta sagardotegia
Zure betiko ametsa izan bada arraunlari izatea, hauxe duzu aukera! Oria ibaian arraun egingo duzu traineru batean, monitore batekin. Amaitzean, sagardotegi menu goxo bat dastatuko duzu.
- Sagardo Eguna
Sagardo Eguna herri batean baino gehiagotan ospatzen da. Hona hemen ezagunenak:
- Usurbilgo Sagardo Eguna (maiatza)
- Astigarragako Sagar Uzta (iraila)
- Hernaniko Sagarraren eta Sagardoaren Eguna (iraila)
- Donostiako Sagardo Eguna (iraila)
Gogoratu azken bi urteotan ekitaldi hauetako batzuk bertan behera gelditu direla, osasun egoeragatik. Beraz, egun horietako batera joan nahi baduzu, bilatu informazio eguneratua.
Ikus dezakezunez, era asko daude sagardoaren kultura modu praktiko batean ezagutzeko: sagardoa eginez, dastatuz edo lehenengo euskal ekoizleen urratsei jarraituz. Zer aukeratuko duzu?