Antzinako ohitura hori gure lurraldeko artzain-festa adierazgarrienetako bat bilakatu da. Artzain Egunaz ari gara.
Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen dute, Ordizian eta Legazpin, adibidez.
Aurten, apirilaren 20an ospatuko dute Ordizian Artzain Eguna, Pazko asteazkenez. Artzainen lana nabarmentzea eta bertaratuko garenoi ogibidearen berri ematea da ospakizunaren xedea. Eta heltzear denez, hari buruz hitz egingo dizuegu.
2.000 arditik gorako artaldea Gipuzkoako herri honetako hirigune historikoko kaleak zeharkatzen ikustea izaten da eguneko ekitaldirik deigarrienetako bat. Uda partean abereak mendi-larreetara eramateko antzina artzainek egiten zuten transhumantzia gogorarazten du.
Baina jardueren egitaraua zabala da. Artzain Egunaren inguruan ekitaldi ugari antolatzen dira, trikitilarien eta dultzaineroen doinuek girotuta.
Gainera, egun horretan ongietorri ofiziala ematen zaio Idiazabal gaztaren kanpaina berriari, horixe baita eguneko beste protagonista handienetako bat. Aurten, Tolosako Ama tabernako Javi Rivero eta Gorka Rico gure bazkideak izango dira gazta berria moztuko dutenak.
Ez dira faltako artzain-txakurren lehiaketa, ekoizleen azoka, asteko ohiko merkatua, gazta saltzen duten postuak eta Goierriko artisau-lanen salmahaiak. Ardi-mozte erakustaldia ere egingo dute, eta ongintza-helburua izango duen Eusko Labeldun esneko bildotsaren dastatzea ere.
Ikusten duzunez, jaiegun horretan gure sustraiek garrantzi handia izango dute. Bertan egongo da Aitor Buendía ere, La Ruta Slow irratsaioko mikrofonoekin. Eguneko soinu guztiak jaso eta apirilaren 24ko saioan eskainiko ditu, Radio Euskadin. Askotariko soinuak izango dira, artaldea herriko erdigunera jaistean jasotakoak, sari-banaketetakoak eta abar.
Hori guztia irakurrita, esperientzia bertatik bertara bizitzeko gogoa piztuko zitzaizulakoan gaude. Badakizu egin dezakezula?
Egun ahaztezina igaro dezakezu gure eskualdeetan!
Urkiolan aukera izango duzu ardiak jezteko, garaia bada ardiei ilea mozteko, ardi-esnearekin gatzatua egiteko, artaldearekin eta zakurrarekin zelaietan zehar ibiltzeko… eta baita Idiazabal gazta dastatzeko ere.
Goierrin eta Karrantzan ere aukera izango duzu Egun batez artzain izateko. Apiriletik azarora artaldeen bizileku diren larreetara hurbilduko zara, bista ikusgarriez gozatzeko, latxa ardiaren jatorria ezagutzeko eta gaztandegiak bisitatzeko.
Aste Santurako plan bikaina, ezta?