< Itzuli berrietara

XXXI. Sagardo Berriaren Eguna 2024

BEHEMENDI
·
15/01/2024
/uploads/image/1705308921_ets_sm.jpg

Ospakizunaren lehen ekitaldia prentsaurrekoa izango da, 12:00etan Erribera Kulturgunean (Astigarraga). Bertan  izango dira Astigarragako alkatea, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, eta 2023ko sagarraren uzta, sagardo berria zein sagardoaren sektoreko berrikuntzak aurkeztuko dira.

Ekitaldiaren hogeita hamaikagarren edizio honetako unerik bereziena txotx irekierakoa izango da: Astigarragako Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu egingo du ETS taldeko Iñigo Etxezarretak, eta 2024ko sagardo denboraldi berria irekiko du.

Aldez aurretik, ordea, sagarrondo bat landatuko du Erribera Kulturguneko plazan. Ekitaldi sinboliko horrekin naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira.

Egitaraua:

12:00: Prentsaurrekoa Erribera Kulturgunean. Bertan azalduko dira 2023ko uztaren ezaugarri nagusiak, sagardo berriaren ezaugarriak eta sagardoaren sektoreko gertaera garrantzitsuenak.

12:45: ETS taldeko Iñigo Etxezarretak sagarrondo bat landatuko du Erribera Kulturguneko plazan.

13:30: Txalapartarien deiarekin batera, sagar dantza dantzatuko da Alorrenea sagardotegian, eta ondoren, sagardogileek zein kultur taldeetako ordezkariek ETS taldeko Iñigo Etxezarreta soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dute sagardo berria dastatzeko.

13:45: Alorrenea sagardotegian “Gure Sagardo Berria” oihu eginda sagardo berria dastatuko du ETS taldeko Iñigo Etxezarretak eta horrekin, 2024ko txotx denboraldi berriari hasiera emango zaio. Ondoren, sagardotegiko ohiko menua dastatzeko bazkaria izango da.

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoaren Lurraldeak antolatuta.