Erakusketa ibiltaria izateko prestatu bada ere, hemendik 2023ko abendura bitartean Igartubeiti baserri-museoan egongo da ikusgai, XVI. eta XVII. mendeetako baserrietako bizimodura hurbilduko gaituen Ezkio-Itsasoko dolare-baserri ederrean, hain zuzen. Ondoren, Euskadiko eta kanpoko gune berezi batetik bestera bidaiatuko du.
M. Luisa López Tellería arduratuko da erakusketaren muntaketaz. Diseinatzaile gastronomikoa da López Tellería, Donostian jaioa eta diseinu gastronomikoan diharduen Jankontuak enpresaren sortzailea.
Erakusketa honetarako abiapuntu gisa, Hasier Etxeberriak Euskal Sukaldaritzaz liburuan jasotako esaldi hau erabiltzen du López Telleríak: «Hablando de la cuestión, yo se lo he oído decir por primera vez a Juan Mari Arzak: Lo único que nos diferencia del resto del mundo son cuatro salsas que aquí y solo entre nosotros se pueden encontrar: la salsa roja, la salsa verde, la salsa blanca y la salsa negra de nuestra cocina tradicional.» («Horrekin lotuta, Juan Mari Arzaki entzun nion lehenengoz: “Munduko gainerako guztiengandik bereizten gaituen gauza bakarra lau saltsa dira, hemen eta gure artean bakarrik aurki ditzakegunak: saltsa gorria, saltsa berdea, saltsa zuria eta saltsa beltza, guztiak ere gure sukaldaritza tradizionalekoak”»).
Izan ere, euskal sukaldaritzako lau saltsa horien inguruan ardaztuta dago erakusketa. Saltsa bakoitza bere garai historikoari eta orduko protagonistei lotuta dago, baita gure lurraldera elikagaiak, espezieak, tresnak, errezetak eta, azken buruan, kultura ekarri zituzten kanpoko zibilizazioei ere, haiek ere gure kultura garatzen lagundu baitzuten. Horrez gain, euskal gastronomiak beste kultura batzuei egindako ekarpenak ere barne hartzen ditu erakusketak, baita kondairak, istorioak eta euskal sukaldaritza tradizionaleko zein berriko errezetak ere.
Gainera, saltsa bakoitzak lotura berezia du Euskadiko sukaldaritza-paisaiekin eta itsasoko zein lurreko paisaia horietako produktuekin. Batzuetan euskal kostaldea izango da, bestetan mendiak eta haranak, eta beste batzuetan hiru hiriburuetako abangoardia.
Erakusketa 4 gune nagusik, 4 kolorek, 4 zaporek osatzen dute, eta horietako bakoitza zenbait pieza eta lanabesekin apainduta dago, saltsa bakoitzaren historiaz hitz egiteko.
Hainbat bisita-mota daude:
Gainera, haurrentzako ikasmateriala eta jolas-materiala ere jasotzen ditu erakusketak, Super Gilda pertsonaiaren eskutik. Euskadi Gastronomikak sortutako maskota dibertigarri horrek istorio bitxiak kontatuko dizkie haurrei gure gastronomiari, paisaiari, naturari eta beste hainbat gauzari buruz.