< Itzuli berrietara

Bermeoko XXX. Arrain Azoka sustraietara bueltatuko da, maiatzaren 17, 18 eta 19an

EUSKADI GASTRONOMIKA
·
13/05/2024
/uploads/image/1715612261_instagram_fb_lauki_01_sm.jpg

Ate joka daukagu Bermeoko Arrain Azoka; maiatzaren 17, 18 eta 19an izango da, eta aurten 30. urteurrena ospatuko du sustraietara buelta eginez. Modu horretara, hegaluzea prestatzeko teknika tradizionalak gogora ekarriko dira.

Aurtengo Arrain Azokan 18 erakustoki egongo dira. Horietan enpresek eta erakunde ezberdinek haien produktuak eskainiko dituzte herritarrek eta bisitariek dastatzeko eta erosi ahal izateko, eta, horrez gain,  arrantza mundua erakutsiko dute. Arrain Azokak ordutegi jarraitua izango du: barikuan 11:00etatik 20:00etara, zapatuan 11:00etatik 21:00etara eta domekan 11:00etatik 15:00etara.

Hala ere, Arrain Azoka erakustokiak baino askoz ere gehiago da. Aurtengo edizioan sustraietara salto egin gura denez, hegaluzea zatitzeko eta prestatzeko teknika tradizionalak azalduko ditu Biotza Arostegi sukaldari bermeotarrak, zapatuan eta domekan, Lamerako Gune Gastronomikoan. 

Berritasunak ere egongo dira. Esaterako, Bermeo Tuna World Capital (BTWC) elkarteak jasangarritasuna bermatzen duen bertoko atunarekin egindako pintxo bereziak jarriko ditu bertaratutakoen eskura, 2 eurotan.

XXX. Arrain Azokaren programa oso zabala da; www.bizibermeo.eus/arrainazoka webgunean aurkitu daiteke, eta bertan joango dira eguneratzen. Facebook (@arrainazoka), Instagram (bermeokoarrainazoka) eta YouTube (Arrain Azoka Bermeo) sare sozialetan ere jarriko da informazioa.