Azaroaren 8tik abenduaren 1era, Debabarrena eskualdeak Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamaikagarren edizioa ospatuko du, Hasi zenetik, ekimenaren helburua izan da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko sukaldari, establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.
Edizio honetan, Eibarko Baratze Gourmet, Elgoibarko Belaustegi, Ermuko Mendiola, Mutrikuko Pikua, Soraluzeko Txurruka eta Debako Kanala, Urgain eta Itsaslabarrak jatetxeek hartuko dute parte, eta sasoiko eta tokiko produktuetan oinarritutako platerak eskainiko dituzte, jatetxe bakoitzak bereak. Menuak, 35 eurokoak dira eta barne hartzen ditu aperitibo bat, sarrera, bi plater nagusi (haragia eta arraina) eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea. Ogia, kafea eta ardoa ere menuan sartzen dira, eta jatetxe guztiek ardo berdina eskainiko dute menurekin: Garcia Olano upeltegiko ardo zuria eta Araico upeltegiko ardo beltza. Bestalde, 6 euroko gehigarri baten truke, txakolinaz gozatu ahal izango da. Horretaz gain, berrikuntza gisa, oraingo honetan menu guztien artean aukera begetariano bat egongo da.
Era berean, bisita gidatuak antolatu dira Tripontziak egitasmoak irauten duen bitartean, azaroaren 8tik abenduaren 1era bitartean, alegia. Bisita horien artean daude Mutrikuko Merkatu txikia, Chocolates de Mendaro, Dolmenen ibilbidea, Debako Santa Maria Eliza, Mutrikuko herrigunea, Eibarko Armagintzaren Museoa, Lasturreko talo tailerra eta Lizagasar Sagartokixa. Aurten, bisita guztiek dastaketa txiki bat izango dute amaieran. Horrela, eskualdeko plan kulturalak gastronomiarekin uztartzeko aukera edukiko dute parte-hartzaileek.
Informazio guztia debabarrenaturismo.com webgunean aurkituko duzue.