“Debabarrena Gourmet” menua, zehazki, zazpi platerek osatuko dute: aperitiboak, bi hasierakok, bi plater nagusik (arraina eta haragia) eta bi postrek. Eskualdeko sei jatetxetan eskainiko da, hain zuzen ere, Eibarko Baratze Gourmeten, Elgoibarko Belaustegi Baserrian, Itziarko Kanalan, Mutrikuko Pikuan, Soraluzeko Txurrukan eta Debako Urgainen, eta jatetxe horietako sukaldariek prestatutako platerez osatuta egongo da, hurrenez hurren: Unai Altunak, Josu Mugerzak, Alberto Sánchezek, Luis Ángel Alburquerquek, Iurdana Laskurainek eta Nestor Pañunik. Halaber, ogia eta kafea menuan sartzen dira, baita ardoa ere: Arabar Errioxako Valdelana familiaren upategiko “AGNUS de Autor Malvasia” eta “AGNUS de Autor Crianz” ardo beltza eta txakolina.
“Debabarrena Gourmet” eskualdeko chef erreferenteen elaborazio bikainak dastatzeko aukera paregabea da, adibidez, onddo salteatuak gorringo onduarekin eta foie-aparrarekin, edo zapo-takoak almejekin eta ilar-saltsarekin. Jatetxe bakoitzak bere menua diseinatu du, eta proposamen guztiak debabarrenaturismo.com webgunean daude ikusgai. Otorduez gozatu nahi dutenek jatetxera bertara deituz aurrez erreserba egin beharko dute eta “Debabarrena Gourmet” menua dastatu nahi dutela azaldu.