Nazioartean bere sukaldaritza bikainagatik ezaguna den lurralde honetan, Gatz Egunak elementu bereizgarri bat eskaintzen du: Leintz Gatzagako gatza, nortasun-produktu gisa eta esperientzia gastronomikoen ardatz. Azoka honek euskal sukaldaritzako funtsezko osagai bat ezagutzeko aukera emateaz gain, haren jatorria, artisau-prozesua eta udalerriaren garapenarekin izan duen lotura historikoa ulertzeko aukera ere eskaintzen du.
Goizean goiz hasita, 10:00etatik 14:00etara, herriko plazan gatzaren eta bertako produktuen azoka egongo da, eta bisitariek eta herritarrek lurraldeari lotutako produktuak ezagutu eta erosi ahal izango dituzte.
Egitaraua 10:00etan hasiko da, hainbat jarduerarekin, besteak beste, PR-Gi-37 Hiruerreketa ibilbidetik mendi irteera batekin, Deba ibaiaren sorrera ezagutzeko, baita ongizatera eta naturarekiko loturara bideratutako baso bainu esperientzia batekin ere. Jarduera hauetan parte hartzeko izena eman beharra dago aldez aurretik.
11:00etatik aurrera, frontoian tailerrak eta jarduera ludikoak egingo dira, hala nola Leintz Gatzagako gatzarekin xaboia egiteko tailerra, egurrezko jolas tradizionalak; plazan, Aretxabaletako tomate landareak banatuko dira eta Gatz Museoan, bisita gidatuak ere eskainiko dira, euskaraz 11:00etan eta gaztelaniaz 12:00etan.
Gastronomiak paper garrantzitsua izango du: "showcooking" bat egingo du 12:00etan Anne Otegik. Bestalde, 12:30ean "(H) istorioak" ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da, musikaz laguntzen den oihaletan egindako akrobazia proposamena.
Ingurua ezagutzen jarraitzeko, Leintz Gatzaga Herria ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira, 13:00etan euskaraz eta 13:30ean gaztelaniaz.
Ekitaldiari amaiera emateko, bazkari herrikoia egingo da 14:00etan, eta horretarako aldez aurretik izena eman beharko da, eta ondoren, Erromintxelak taldeak kontzertua eskainiko du 15:30ean.
Gatz Eguna 2026 ezinbesteko hitzordua izango da Leintz Gatzagako historia, kultura eta aberastasun naturala gertutik ezagutu nahi dutenentzat, jai eta parte-hartze giroan. Gatz Egunak udalerri txikiek balio erantsi handiko proposamenak nola sor ditzaketen erakusten du, Gipuzkoako eskaintza turistikoa dibertsifikatzen eta benetakotasunean, tokiko kulturan eta jatorrizko gastronomian interesa duten bisitariak erakartzen lagunduz.